Euskara, ama hizkuntza

Araitz, Basaburua, Imotz, Larraun, Leitzaran eta Ultzamako berezko hizkuntza euskara da, eta duela ez hainbeste urte arte bertakoen hizkuntza bakarra. Herri eta bailara hauen nortasun elementurik garrantzitsuena izanik, gertakariak, bizipenak, istorioak... ahoz aho elkarri jaso eta kontatzeko belaunaldiz belaunaldi erabili den hizkuntza da. Honenbestez euskarak herri hauetako historia hurbila jaso eta gorde du.

Gaur egun, Euskal Herrian, oro har, eta Nafarroan zehazki euskal hizkuntza komunitateak pairatu duen atzerapenaren ondorioz, eta gaztelaniak azken mendeotan izan duen garapenaren ondorioz, gure eskualdean ere bi hizkuntzak elkarren ondoan daude. Alde batetik biztanleen ia %100ak ezagutzen duen gaztelania dago, gizarte-funtzio garrantzitsuenak bereganatu dituena (komunikabideak, lan mundua, administrazioa, eta abar). Bestaldetik, euskara, horrenbesteko garrantzi ez duten gizarte-funtziotara zokoratua izan dena; alabaina, biztanleen %70-80k hitz egiten du euskaraz.

Nolanahi ere, azken urteotan ahalegin handia egiten ari da euskararen normalizazioaren alde, eta honen lekuko ditugu euskarazko hezkuntza ereduetan izandako aurrerapenak, eta orokortu izana: aldizkariak, irratiak, euskara udal zerbitzuak sortu izana, eta udal administrazioan euskara erabiltzen eman diren urratsak, Udal Elebakarren Mankomunitatean sartu diren herriak, sortzapen literarioa, kultur ekoizpena eta euskararen erabilpenak egunerokotasunean izan duen gorakada. Honela bada, euskara oso hizkuntza bizia da gure lurraldean eta bertakoon nahia da halaxe izatea aurrerantzean ere.

Honek ez du esan nahi, jakina, euskara erabat normalizatuta dagoenik. Oraindik ere, zenbait herritan atzerako bidean segitzen du, eta beste batzuetan, berriz, normalizazio prozesuak zailtasunak ditu aurrera egiten. Euskara eguneroko hizkuntza izango bada eta iraganetik eta usadiotik jaso dugun ondare hau iraun eta erabiliko bada, handia da egin beharreko lana.

Bestalde, herri txikiak ibar hauetan oso sakabanatuta daudenez, honen ondoriotako bat hizkuntza eta euskalki eta mintzoen aberastasuna da.
Honenbestez, gure usadio, ipuin, elezahar eta bizipenen bertsoak belaunaldiz belaunaldi jaso eta emateko horren baliagarri izan zaigun hizkuntza hori bera eguneroko zereginetan etorkizunean ere baliagarri izatea da aurrera begira dugun erronka. Hartarako, biztanleen ahalegin zintzoaz gainera, bisitarien euskararekiko sentsibilitatea eta errespetua lagungarri eta eskertzekoa izango da oso.