Herri-arkitektura

Bizi-modu historikoaren eta dauden materialen emaitza den funtsezko beste elementu bat herri-arkitektura da, bere zabaltasun osoan, gure bailaren paisajeari eta edertasunari zuzenean lotutako ezaugarri bihurtu dena.

Honen adibidea edozein herritan topatuko dugu, gehienak elizaren inguruan eraikiak. Elizatik kale estuak banatzen dira oro har bi isuriko teilatuak dituzten harrizko etxetzarrak bi aldeetara dituztela -lau isurikoak, kubikoak, ere badira-, zurezko balkoi kurritu ederrak babesten dituzten teilategalekin. Zurezko egitura duten etxe bakar batzuk ere badira. Etxeen aurrealde askotan noblezia-ezkutu barrokoak ikus daitezke.

Gaingiroki, ezkutu horiek hiru motakoak izan daitezke: antzinakoena bi isuriko teilatuak, ondo trabaturiko harlanduzko fatxadak eta arku zorrotzeko atea zein bao gotikoak dituzten tamaina handiko etxeetan ageri da; oro har, XVII. mendekoak izan ohi dira. Bigarren motakoak XVIII. mendeko etxeetan ikus ditzakegu, ederrak hauek ere, bi isuriko teilatudunak eta teilategal handikoak, etxeen aurrealdeak luzituak baina silarriak kantoietan, leihoetan eta, zenbaitetan, erdiko parametroetan agerian dituztenak, erdi-puntuko ateak eta noblezia-ezkutuak dituztenak. Hirugarren mota XIX. mendeko etxe kubikoetakoak dira; hauek, lau isuriko teilatuak, neurri handiagoko baoak, kantoi eta erdialdean silarri ondo landuak, balkoi korrituak eta armarri handiak dituzte.

Etxebizitzen banaketa mendialdeko abeltzaintza-ustiapenetan ohikoa izaten dena da; behe solairua, behitegia eta nekazaritza-lanabesak gordetzekoa, etxebizitza gisa lehenengo solairua eta bigarrena, ganbara alegia, belar lehorra, artoa, eta abar gordetzeko.

Belarra metatzeko sistemak ere, segœn eta belarra ganbararaino aurrealdetik hagaz nahiz eskaileraz, edo atzealdetik nahiz saihetsetik, non gurdia jartzen baitzen, gidari edo plano inklinatu baten bitartez igotzen zen, eraikuntzako hainbat ezaugarri ezartzen ditu. Bai baten nahiz bestearen adibideak nonahi ikus daitezke gure ibarretan. Alabaina, ganbararen erabilpena bazter geratu da; bateko eraikitako siloengatik, eta besteko gaur egun belardietan bertan silo-bolak metatzen direlako.

Zenbait herriren itxurari dagokionez, garai batean garrantzi handia zuten hainbat elementu gorde dira, gaur egun apaingarri gisa baino erabiltzen ez direnak; besteak beste, iturriak -batzuk politak dira oso: Aldatz, Mugiro, Oderitz, Ihaben, Arraitz eta Iraizotzekoa- eta garbitegiak -Aldatzen zaharberritutakoa, Beruetekoa, Ihabengoa, Betelukoa, eta abar-. Zenbait hilerritan gehienak errenazimentukoak diren hilarriak topa daitezke, zenbait kasutan, Muskitzen esate baterako, hilerri hauek elizaren kanpoaldean daude, hormaren kontra.

Artzain-eraikinei dagokienez, aitzinako arkuetatik gaur egungo artzain txabola edo bordetara izan den bilakaera ikustea bitxia gertatzen da. Lehenak harrizkoak eta kupula aizunekoak, artegia barne zutela. Gaur egungoak, berriz, erosotasun moderno asko dituztenak.