Gastronomia

Gure haran, herri eta mendiak ikusi besterik ez dago hemen ondo jaten dela ondorioztatzeko. Hauetan barrena, mendietatik behera datozen ibai garbiak, behi eta ardientzako bazkaleku diren belardiak, belardi ugari, segarakoak eta mendikoak ikusiko ditugu, harizti eta pagadi itxiak, baratze zainduak herrietan eta ehizarako usategiak mendi gainetan.

Honek guztiak zonaldekoak berezkoak diren jakiez hitz egiteko aukera ematen digu. Hasteko eta behin, oso ona eta preziatua den behikia eta honen barnean horren gustukoa den txingarretan erretako txuletoia. Ohikoa da, halaber, bildoskia, erreta, txuleta edo saiheskietan, eta txerrikia eta honen hestebeteak -txistorra, birikak, tripakiak, tripotxak- eta odolkiak. Ospe handikoa izan da, betidanik, bakailaoa, bai puskatan zein ajoarriero eran. Ezin ahaztuko ditugu, jakina, barazkiak, menestrak eta lekaleen artean babarrun gorriak, urdai, txorixo eta odolkiarekin.

Behi-esneari dagokionez, gehiena esne-zentraletara saltzen da, alabaina jogurt eta gurinak egiteko ere erabiltzen da. Ezagunagoak dira ardi-esnekiak, eta hauen artean ardi-gazta eta mamia edo gaztanbera. Asko dira, Aralar azpizonaldearen barnean, Idiazabal jatorrizko izendapeneko gazta bikainak egiten dituzten gaztandegi eta artzainak. Gero eta ezagunagoa eta estimatuagoa da, aurrekoarekin batera, mamia, gure bailaretako ohiko esne-postrea.

Ez horren ezaguna, inondik ere, baina, hala ere, gero eta zaletu gehiago dituena eztia da; Ultzama eta Larraunen artisau erara egiten den produktu purua. Eskualde horietan erleek txilar, ezpel, eta beste hainbeste landareren loreak topatzen dituzte.

Bereziki erakargarria gertatzen dira ehiza, baimendutako zonaldeetan egiten den kirol-arrantza eta gure baso eta zelaietan horren ugariak diren onddo eta perretxikoak. Garaian garaiko jakiak ditugu pagausoak, basurdea eta parekorik ez duten onddo eta perretxikoekin egindako arrautza nahasiak.

Azkenaldi honetan hainbat sagardotegi dago martxan; hauek bertan egindako sagardoa eta sagardotegietako ohiko menua eskaintzen dute: bakailao-tortilla, bakailaoa puskatan, txuletoia eta postretarako intxaurrak eta gazta irasagarrarekin.

Ohiko edarien artean patxarana aipatu beharra dugu. Ezin ahaztuko ditugu, halaber, erromeria edo herri-besta guztietan ezinbestekoa den arto-irinez plantxan egindako taloak....